Ahuntzaren prestigioa
Prestigioa gauza mikatza izan daiteke. Asko gogoratzen da jendea prestigiodunaz, asko laudatzen da, asko maitatzen da… Baina kate bat ere izan daiteke. Izen ona zaintzeak, gerrikoa lotuta ibiltzea dakar. Ez dadila prestigioduna bere onetik atera. Ez dezatela hola ta hola ikusi, ez dadila arrastotik irten, edo berataz espero danaz urruti ibili, laister iritsiko baitzaizkio kritikak. Laister zikinduko baitute, hainbeste izerdirekin irabazitako izen ona.
Ahuntz talde honekin topo egin nuenean gogoeta hori egin nuen. Ze kiratsa, ahuntz koadrilari zeriona. Itxurak ere, lepotik gorakoak, xamurretik gutxi. Deabruarekin hain identifikatua …
Ez dira ahuntzak oso miretsiak. Baina begira izen txar horrek zer dakarkien:
Pake-pakean bizi dira.
La Foradada mendian, hesirik gabe, zaintzailerik gabe, eta Tarragonako paisaia ederreneren jabe. Zerua ikutzen ia-ia. Gaizkitxo!
Bada jakintun bat larre digital honetan, ondo-ondo ezagutzen dituena. Beste Patxi bat. Patxi Lurra Hari galdetzea onena, ahuntzez - eta beste hamaika kontuz - gehiago jakin nahi izatekotan.
____